“Ez da justua…aitak beti uzten dit telebista ikusten eta zuk berriz inoiz ere ez…”
Gure seme-alabek gurasoen heziketa jardueretan kontraesanak nabaritzen dituztenean, goian kakotxatutakoa ohiko matraka bihur daiteke.
Agian ez da hain zaila, edo ez litzateke izan behar. Ez dakit. Dakidana zera da: umeen heziketari dagokionez lan bateratu bat egitea ezinbestekoa dela. Pertsona bezala gure ikuspuntu propioak izan ditzakegu, baina umeak tarteko direnean, gurasook ezin gara galdu indibidualismoetan, gure bikotekideak egina edo esandakoa zapaltzen edo gaur zin egindakoa bihar ukatzen.
Umeak ikusten badu aita eta ama errespetuaz tratatzen direla eta batak esandakoari besteak ez diola gutxikeriaz erantzuten, ume hori barne ziurtasun ukitu batekin hezi eta haziko dugu.
Gure seme-alabek jakin badakite gure ahulezien berri, eta horregatik erraz egiten zaie antzematea nori zer eskatu behar dieten.
Hartu ezazue adibide gisa ondorengo ohiko eszenak:
- Egoera 1: Gurasoen artean, bata bestea baino bigunagoa agertzen da umearen eskabideen aurrean.
- Egoera 2: Zure semeak irteera-baimena eskatu dizu eta zuk ezetzaz erantzun diozu. Berriz, zure bikoteak baimena eman dio, ondoren.
- Egoera-3: Aita eta amaren artean irispide kontrajarriak nabarmentzen dira heziketa jardueretan.
- Egoera-4: Mutilak zein neskak, guraso bat baino ez du errespetatzen.
Guraso bezala jarduera bateratu bat ez badaukagu, luzarora batek indarra galduko du umearen begi-aurrean. Iritziak desberdinak badira ere, ez dezagun desberdintasun hori gatazka bihurtu, ez eta “irabasleen eta galtzaileen”arteko tirabira ustel bat sustatu.
Azkenengo aholku txiki bat: bazkalosteko lo kuluxka unean, ez iezaiozu eman goizean ukatuko zenion baimenik!