“Ez da justua…aitak beti uzten dit telebista ikusten eta zuk berriz inoiz ere ez…”
Gure seme-alabek gurasoen heziketa jardueretan kontraesanak nabaritzen dituztenean, goian kakotxatutakoa ohiko matraka bihur daiteke.
Agian ez da hain zaila, edo ez litzateke izan behar. Ez dakit. Dakidana zera da: umeen heziketari dagokionez lan bateratu bat egitea ezinbestekoa dela. Pertsona bezala gure ikuspuntu propioak izan ditzakegu, baina umeak tarteko direnean, gurasook ezin gara galdu indibidualismoetan, gure bikotekideak egina edo esandakoa zapaltzen edo gaur zin egindakoa bihar ukatzen.
Umeak ikusten badu aita eta ama errespetuaz tratatzen direla eta batak esandakoari besteak ez diola gutxikeriaz erantzuten, ume hori barne ziurtasun ukitu batekin hezi eta haziko dugu.
Gure seme-alabek jakin badakite gure ahulezien berri, eta horregatik erraz egiten zaie antzematea nori zer eskatu behar dieten.
Hartu ezazue adibide gisa ondorengo ohiko eszenak:
Egoera 1: Gurasoen artean, bata bestea baino bigunagoa agertzen da umearen eskabideen aurrean.
Egoera 2: Zure semeak irteera-baimena eskatu dizu eta zuk ezetzaz erantzun diozu. Berriz, zure bikoteak baimena eman dio, ondoren.
Egoera-3: Aita eta amaren artean irispide kontrajarriak nabarmentzen dira heziketa jardueretan.
Egoera-4: Mutilak zein neskak, guraso bat baino ez du errespetatzen.
Guraso bezala jarduera bateratu bat ez badaukagu, luzarora batek indarra galduko du umearen begi-aurrean. Iritziak desberdinak badira ere, ez dezagun desberdintasun hori gatazka bihurtu, ez eta “irabasleen eta galtzaileen”arteko tirabira ustel bat sustatu.
Azkenengo aholku txiki bat: bazkalosteko lo kuluxka unean, ez iezaiozu eman goizean ukatuko zenion baimenik!
Galdera honi nolabaiteko erantzuna emateko asmoz, ganorazko hiztegi bati eman diogu begirada . Bertan jakin izan dugu heziketa hitza latinetik datorrela, ex ducere hitzetik, hain zuzen ere, eta bere esanahiabideratu dela, bidean ipintzea barne gaitasunak osoki hedatze aldera.
Ez dago hezitzeko modu bakar eta finkorik. Aldiz, heziketa era desberdinak toki bakoitzeko ohiturekin eta ritoekin lotuta dago, bertako kultura eta haren ezaugarriekin, eta baita garai edo epoka anitzekin ere.
Ezin da, ordea, gauza bera izan Madrilen edo Taiwamen, ez eta gaur egungo europan eman ohi dena, iraultza industriala gauzatu aurretik ematen zenarekin alderatuta, esate baterako.
Uste dut heziketa praktikak bi ardatz kontutan izan behar dituela, besteak beste. Batetik hazkuntza eta bestetik orientabidea.
Hazkuntza betidanik izan dugu amatasunari lotua, haurreekiko zaintzari, hain zuzen ere, non afektibitatea eta kontaktoa hain garrantsitzuak diren.
Bestalde, orientabidearen gakoa beste bide batzuetatik doa. Metafora nautiko bat erabiliz, aipa dezakegu barne GPS bat bezalako zerbait trasmititzea litzatekela, agian. Bizitzarako iparra nondik norakoa den, eta nondik nora dabilen. Istorikoki aitari zegokion eginbeharra izan da, baina gaur badakigu ez dela norbaiti lotutako eginkizuna, eskurarazi egin behar den laguntza mota bat baizik. Konpainia egin, adi entzun, adibidearekin irakatsi eta ezinegonaren desoreka nola eutsi, orientazioa delako horren ñabardura batzuk lirateke, besteak beste. Guzti horiek aberasgarriak dirudite amaren besoetatik irten eta beste eskuetara heltzerako trantzean, gerora begira.
Heziketa eginkizun hauek, hazkuntza eta orientazioa hain zuzen ere, krisialdian daude gaur egun. Azpikoz-gainera esango genuke. Haurtzaindegiak eta haurreskoalak txikienen kargu egiten dira, garai bateko amen hazkuntza eginbeharrak betetzen ahaleginduz. Eta mugikorrak eta on-line jokoek gure gaztetxoen atentzioaren orientazioa erabat xurgatua dute, gurasoei tokia lapurtuz.
Garai bateko oroimina ez omen da laguntzarik hoberena irtenbide berriak aurkitzeko. Bestalde, badakigu ezin garela teknologiak dakarskigun aurrerapen eta era anitzetako tresneri sorreraren aurrean entzungor egon, edota albo batera begiratu, umeek egin ohi duten bezala begi bistan duten panorama latzeegia egiten zaienean. Baina eraberean, komeni zaigu kontuan hartzea familietan ez dela giro telebistako pantailatik irtetzen den abotsa, etxean entzuten den bakarra bada. Telebista, tableta, ordenagailua, mobila; hau da: tresnak, gadgetak, aparatu hipnotizadoreak, egia esan. Hauek guztiek, elkarrizketa lapurtzen digute, eta batzuetan asperturik egoteko plazer ahaztua ere, gogaiturik egotea txarto ikusita baitago gaur egun.
Kezkagarriak egiten zaizkigu asperaldiak eta arinaketan zerbait bilatu beharra izaten dugu, egonezin hura tapatzeko. Baina jakin dezagun, une horiek onak direla, gure sorkuntza abian jartzen dutelako, eta sortzaile bihurtzen garen einean kontsumitzaile hutsak ez gara izango.
Zeri deritzogu elkarrizketan aritzea? Ustezko sinonimoa dugu ondoko hau: hitz egin.
Ongi da; izan daiteke, eta hitz egiteak hurbildu egiten gaituen arren, beti ez da horrela izaten. Komunikazioarekin ez da gauza bera gertatzen, honen helburu edo jomuga zerbait transmititzea delako, zerbait hori edozer izanik ere.
Komunikazioak barne hartzen du hitz egitea, entzuteak adi egotea bezala, eta mintzatzea hitzen errepikamen hutsa bihurtzen denean, burrunba besterik ezin aditu daiteke. Hau ulertzeko gai baldin bagara, gure mintzatzeko modua antolatzeko gai izango gara. Kontua ez da soinu-espazio hutsa betetzea, bagarela sentitzeko asmotan. Beste zerbaiti dagokio…Probatu ezazue!
Kontu honek garrantzia handia hartzen du gure seme-alabekin hizketan ari garenean, baita jendartean ematen diren gaien inguruko elkarrizketetan ere.
Gaztea hurreratzean, so egin, ekidin, burlatu, beharra adierazi edota “bilatu” –honen adiera guztietan-, adi ibili esaten duzunarekin. Ez dut hau esaten beldur zaitezen, arreta jarri eta eman beharreko garrantzia adierazi dezazun baizik.
Beraz, momentu horietan nola jokatu beharra daukagu?
Hemen aurkituko duzuna gogoz kontra erabiltzeko asmoa badaukazu, ez du emaitza onik izango. Ez zaizu baliagarri izango zure egiten ez baldin baduzu eta gutxiago, praktikan jartzeko trikimailu gisa soilik erabiltzeko asmoa badaukazu.
Nerabezaroa aldaketa garrantzitsudun aldia denaren premisa aintzat hartuko dugu; aldi horren helburua norberaren identitatea osatzean datza, haurtzaroan garatutakoaren desberdina izango dena. Trantsizio horretan, munduarekiko daukan ikuskera aldatzen joango zaio eta sentitzeko, pentsatzeko eta jarduteko moduak itxuraldaketa garrantzitsua jasango dute. Norbera eta mundua ikusteko modua aldatu egiten da: “begirada”-ren garrantzia sartzen da jokoan.
Bere begiradak, ordurako, zurearen zati handi bat hartzen du barne. Zuregandik ikasten dute. Batez ere, zu zeu zarenagatik eta ez soilik esaten duzunarengatik.
Zure gerizpearengandik ikasiko dute; itxi gabe dituzun esperientziengandik, zure beldurretatik, zure itxurakeriengandik. Baina, batez ere, beraiekiko daukazun maitasunarengandik ikasiko dute, hitzetan soilik azaltzen ez den horrengandik.
Zure lanabesen artean “topaketa” kontzeptua eranstea eskatuko nizuke. Nire aburuz, topaketak, irekitzea, jakin-mina eta arreta jartzea hartzen ditu aintzat. Hirukote hau sentitzen baldin baduzu, zure prestutasuna benetakoa izango da mutil edo neskatoarekin kontaktuan jartzean. Hark sentituko du…eta laguntzen ari zarela badaki. Intentzioa, prestutasuna, afektua baloratzen dituzte eta zuk tresna horiek eskuragarri dauzkazu, konturatu ez arren. Ez da hala?
Akatsik ez egin; arazo guztiei irtenbiderik ezin dizkiezu aurkitu. Aholkatzeko ahalmena daukazun horretan, barne esperientzien igorle izan zaitezke, eta, hauengandik jaso duzun jakituriaren laguntzaz, ohartarazi ditzakezu (arrisku posibleak, nerabezaroari dagozkion egoera emozionalak…). Hala ere, banako bakoitzak bere bidea eraikitzen du eta gurasoak lagun gisa jardungo dute, eta ez kartografo bezala.
Lagundu ahal izateko forma egokian egotea beharrezkoa da, beraz, auto-berrikuste bat egitea egokia litzateke. Laguntzaile denak “hitza ematea” zer den ikasi behar du, baita hitz horiek “esan nahi dutena” zer den ere (egia absolututzat ezer eman gabe “dena dakit bizi izan dudalako”). Laguntzaileak hausnarketa erraztuko du, errespetua, lasaitasuna. Eta sarritan, besarkada bat. Azken honetarako ezta, hitzak ez dira beharrezkoak, edo, agian bai.
Bilatu, galduta baitago. Sarritan egin. Bere bizitza inguratzen duen horrekiko interesa azaldu. Humore eta algarak elkarbanatu. Barkamena eskatzen ikasi, beti ere beharrezkoa denean; eta gazte sendo eta indartsua izan dadin ahalbidetuko duzu.
Har ezazue agur bero bana blog-eko jarraitzaile guztiok.
Formakuntza interesgarri batetan izan gara egunotan, zenbaitetan, eguneratzea garrantzitsua baita; interesgarria eta beharrezkoa izan da. Konpainia onean egon gara, gainera. Atsegin handiz egiten dugu topo beste profesional batzuekin, hauen esperientziak aberasgarri egiten baitzaizkigu. Lan eremuan perspektiba mantentzen laguntzen didan bultzada horietako bat da hau. Formakuntzan jorratutako gaia “Erotika 2.0: zibersexua, sexting-a eta nerabezaroan ematen den intimitatearen pornografizazioa”izan da.Ikastaroa, Gazteen Euskal Behatokian antolatu da, Gasteizko EMAIZE Sexologia Elkarteko Raúl Marcos Estrada-ren eskutik, giro apartean. Eta merezi izandako sentsazioaz baliatuz, hausnarketa pertsonal bat banatu nahiko nuke.
Guraso bezala, haurrak edozein mehatxurengandik babesten ahalegintzen gara, jakin badakigulako batzuetan, gazteek, teknologia berrien erabilpen desegokia egiten dutela. Ondorioz, teknologia berriak satanizatzen ditugu eta sarrera blokeatzea hautatzen dugu, babesaren izenean. Baina, zer lortzen ari gara guzti honekin?
Orain dela gutxi, berdinen arteko jazarpenari dagokion formakuntza batera joan nintzen. Asko ginen; osasun arlokoak, gizarte hezitzaileak, administrazioko teknikariak, etabar. Gustoko dut honelako ekitaldiak, zeren mamia ateratzen baidizkiet nire lan zein bizitzarako.
Oraingoan gehien gustatu zitzaidana, 18 bat urte zituen neskato batek esandakoak. Bere esperientzia pertsonalaren berri eman zigun; jazarpenaren harira izan zuena, hain zuzen ere. Gogorra eta hunkigarria, bertatik bertara sufritzen egongo balitz bezala, bere hitzek ziotena oroiminez lotuak baitzeuden.
Batez ere, txunditu ninduen bere baikortasun eta kemenak. Argi azaleratzen zigun zein zen jazarpenaren konponbidea, prebentzioaren beharrizana nabarmentzen zuen bakoitzean. Ez hori bakarrik. Ahaztu ezineko irakasgaia eman zigun han geunden profesional guztioi, jazarpenaren aurrean zer nola jokatu beharraren harira. “Lainotan argi ematen duen itsasargia” irakurtzen jarraitu
20.mende hasieran, psikoanalisiaren aita izan zen Sigmund Freud-ek, “ “maiestate haurra” bezala izendatu zuen haurraren izaera, eta baita amak oroar umearekiko duen babes osorako jarrera ere, non har eskatu negarrez, deidarka edo penatan, eta amak betetzen duen, sarritan, ez duena ere emanez. Hasieran haurra plazerraren printzipiora lotua dago, edo errazago esanda, bere beharrizanak betetzea du helburu, nahi eta nahi ez.
Haurraren berehalako bulkadaren asetzea modulatzen saiatzen garen neurrian, hezilan sendoa errotzen ari garela esan dezakegu. Irakatsi egin behar zaio defendatzen bere barrutik datorkion mugagabeko pultsio horren aurrean. Itxaroten irakatsi behar diogu, eta geldiro barneratu behar du dena ez dela posiblea, ez eta gomenigarria ere.
Haurrak badu esklusibotasunaren beharra. Sostengua eman behar diogu, maitasuna, lasaitasuna eta geldiro, geldiro ezetza ere bizitzen erakutsi beharko zaio. “Mugak heziketan?” irakurtzen jarraitu
“… Nire 13 urteko alabak erasoaldiak pairatzen ditu eskolan beste kide batengandik. Eskola ikerketa egitekotan da, baina oraindik ez didate ezer esan . Nire alaba oso gaizki dago. Txarto jaten du, amesgaiztoak ditu eta gero eta gehiago kostatzen zaio eskolara joatea Zer egin dezakegu? ¿ Hau bullying-a da ezta? Nire alabari lagundu nahi diot eta egoera hau lehenbailehen amaitzea …”
Honelako dei ugari jasotzen ditugu zerbitzuan. Lehen eguneko postean aipatu genuen bezala, Zeuk Esan, haurrei eta nerabeei laguntzeko zerbitzua da, eta hauek zein familiak edo inguruko ezagunok dei dezakezue. Dohakoa ,erabat anonimoa eta, gainera, deiak ez dute inolako aztarnarik uzten fakturan.
Bullying-a edo berdinen arteko jazarpena, beti eman den egoera dugu. Lehen izenik ez zeukan baina fenomeno bezala, eskola alorrean errotuta zegoen zerbait zen, eta gainera normalizatua zegoen.
Egoeran sartuta: Banaketaren ostean, noizbehinka, seme-alabetariko batek eska daiteke ama edo aitarekin bizi nahi izatea.
Sarritan, batez ere nerabezarora iristean eta ohiko bizipen gorabeheratsuak gorpuzten zaizkiela, gurasoek ez dute erraz asmatzerik nola joka behar duten gazteen berehalako exijentzien aurrean.
Zeuk Esanen dei anitzak jaso ohi ditugu, bateko eta besteko galderak mahaigainean jarriz.
Adi entzun, esaten digutena ulertzen saiatu eta nolabaiteko sostengua, irtenbidea edota hausnartzerako unea eman, hartzeko erabakiak garbiago izan daitezen. Gure lana informazioa eta aholkularitza ematea izan arren ez dugu makila magikorik.
Taldea osatzen dugunok, aspaldiko zortzi urte hauetan, denetarik entzun dugu; batzuetan zalantzak, doluak, aurreikuspen latzak, pozak edota baita esker oneko hitzak ere, besteetan. Prestatuta egon behar gara, profesionalak baigara.
Aldiz, oraingoan nik nahi dut hartu hitza. Eta blog hau hartuko dut tresna gisa zuengana iristeko. Eta galdetzera noa orain eta hemen: Hasieran, hainbeste maitatu izan ziren gizaki bi nolatan pasatu daitezke , atzean utziz bizipen haiek eta, elkar gorrotatzera, biziki batzuetan, gainera?. Barru barruko gorrotoa azaleratuz, aldameneko haur edota neska-mutil koskor hoien bihotzean uxatu gaitza izango den izua, tristura edota nahastura sortuz? Umeak maltzurki erabiliz, bikotekide ohia mintzeko? “Maitasunetik gorroto izatera, edo nola izorratu bizitza seme-alabei” irakurtzen jarraitu