Orain dela gutxi, berdinen arteko jazarpenari dagokion formakuntza batera joan nintzen. Asko ginen; osasun arlokoak, gizarte hezitzaileak, administrazioko teknikariak, etabar. Gustoko dut honelako ekitaldiak, zeren mamia ateratzen baidizkiet nire lan zein bizitzarako.
Oraingoan gehien gustatu zitzaidana, 18 bat urte zituen neskato batek esandakoak. Bere esperientzia pertsonalaren berri eman zigun; jazarpenaren harira izan zuena, hain zuzen ere. Gogorra eta hunkigarria, bertatik bertara sufritzen egongo balitz bezala, bere hitzek ziotena oroiminez lotuak baitzeuden.
Batez ere, txunditu ninduen bere baikortasun eta kemenak. Argi azaleratzen zigun zein zen jazarpenaren konponbidea, prebentzioaren beharrizana nabarmentzen zuen bakoitzean. Ez hori bakarrik. Ahaztu ezineko irakasgaia eman zigun han geunden profesional guztioi, jazarpenaren aurrean zer nola jokatu beharraren harira.
Tinko jarri zigun mahai gainean, zer egin irainak, isolamendua, bazterketa, etabar luzea pairatzen duten ikasleei benetan laguntzeko; honela: “Lainoartean argia emango digun itsasagia izan behar da irakaslea. Horrela, denok jakingo dugu non dagoen babes-lekua”
Eta jarraitu zuen esaten, “dakigun bezala, ikastetxe guztietan daude jazartzen, baztertzen edo iraintzen duten oldarkorrak, eta baita hauen biktimak ere. Baina hori gutxi balitz, hainbat daude inguruan, isilik eta begiak eta belarriak tentuz, gertatzen ari dena artxibatzen buruan, jakin ezinik ikusezin bihurtu edo eskua hartu kidearen laguntzan”
Toki izkutuak aurkitzen dituzte jazarpenaren eragileak, inpunitatez jokatuz, eta sarri askotan, gutxinaka hasten dute beraien jarrera, ia ia ikusiezinak diruditen erasoekin. Jakin badakugu, gerora, mugarik ez bazaizkie ipintzen igarri ezinak diren joera horiek, areagotu egin ohi direla.
“Zeinu hauen aurrean, irakasleek sentikortasunez jokatu behar dute”-jarraitzen zuen neskatoak. Hasieratik moztu behar dira horrelako jarrerak, geldigaitzak izan orduko
Hor bertan egoteak, hurbilean, eta muga jartzea hitz iraingarrie, adibidez, emaitza ezin hobeak ditu. Horrela, batetik denek ikusiko dute non dagoen muga, eta bigarrenik mindua izan daitekeen neska-mutilak badaki irakasle horren ondoan babesa duela. Bestalde, jazartzaileei ulertzera ematen zaie irakasle horren aurrean ez dutela inori kalte egiteko botererik. Nagusiaren presentziak dena argi daiteke, presentzia benetako bada. Zenbat alditan ikusi dugun irakaslearen jarrera dela eta, arazoak bideratzen!
Neskato huraren irudia ez zait burutik kendu ere egiten, eta denbora daramat bueltaka. Zenbatetan entzuten ditugun Zeuk Esan, arreta zerbitzu honetan, bakardadeari buruzko testigantzak eta inorekin ezin kontatu eta horrek gazteei dakarzkien zalantzak eta izuak!
Ezinbestekoa zaie ez daudela bakarrik jakitea; pasilloetan, patioko izkinetan, komunetan, jantokietan, besteak beste, badaudela albo batera begiratzen ez duten helduak, parte hartzeko konpromisoa barneratuta dutelako, ez dira hauek laguntza makala!
Akaso, askok pentsa dezakete eta gainera arrazoiak izan ditzakete, erantzunkuzun larri leporatzen zaizkiela iraskasleei. Honen harira mintza gaitezke luze, baina honek ez du kentzen orainarte aipatutakoa, gure ustez, ikastetxeetan elkarbizitza ere irakasgaia baita, eta jasarpen kasu bat konpontzen dugun bakoitzean lepoko pisua baretu egin ohi da.
*Irudia vía el_farero