Har ezazue agur bero bana blog-eko jarraitzaile guztiok.
Formakuntza interesgarri batetan izan gara egunotan, zenbaitetan, eguneratzea garrantzitsua baita; interesgarria eta beharrezkoa izan da. Konpainia onean egon gara, gainera. Atsegin handiz egiten dugu topo beste profesional batzuekin, hauen esperientziak aberasgarri egiten baitzaizkigu. Lan eremuan perspektiba mantentzen laguntzen didan bultzada horietako bat da hau. Formakuntzan jorratutako gaia “Erotika 2.0: zibersexua, sexting-a eta nerabezaroan ematen den intimitatearen pornografizazioa” izan da. Ikastaroa, Gazteen Euskal Behatokian antolatu da, Gasteizko EMAIZE Sexologia Elkarteko Raúl Marcos Estrada-ren eskutik, giro apartean. Eta merezi izandako sentsazioaz baliatuz, hausnarketa pertsonal bat banatu nahiko nuke.
Guraso bezala, haurrak edozein mehatxurengandik babesten ahalegintzen gara, jakin badakigulako batzuetan, gazteek, teknologia berrien erabilpen desegokia egiten dutela. Ondorioz, teknologia berriak satanizatzen ditugu eta sarrera blokeatzea hautatzen dugu, babesaren izenean. Baina, zer lortzen ari gara guzti honekin?
Babesik handiena Heziketa da. Eta egun hauetan jaso dugun informazioaren arabehera, gure gazteria internet bidezko pornografiaren eskutik hezia da sexualitatean. Pornografia bortitza, matxista, koitozentrista, non, emakumea, gizonaren desira piztuko duen objektua besterik ez delarik. Eta adi, guzti hau sinetsi egiten dute gazteek! Ez dira konturatzen fantasiak direnik; aktore eta gimnastek orduak ematen dituztela lan horretan. Testuinguru horretan ageri denari deitzen diote sexua eta ematen diren sexu-jokaerak normaltzat hartzen dituzte, gizarte hau dualtasun erreal batetan banatzen baita: normala dena eta normala ez dena.
Adingutxikoetan ematen den pornografia kontsumo tasa goraka doa. 12 urtetik beherako gazteen %70ak, gutxi gora-behera, sarritan kontsumitzen du. Ikuskatzen dituzten orrialdeen %30a, eduki pornografikoz beterik daude eta eszena hauek bistaratzen dituzten erabiltzaileen adina 7 urtetara jaitsi da.
Datu hauek asko arduratzen nautela aitortzen dut, eta zera pentsatzen dut: ba ote dakigu zein orrialdeetan ibiltzen diren gure seme-alabak?
Beste ikerketa batzuk, gazteen pornografiarekiko adikzioa eta honek sortarazten dituen ondorioen inguruko datu beldurgarriak azalerazi dituzte. Baina, ez dut ezkortasunez bete nahi post hau; esnarazteko eta argi pittin bat luzatzeko baliagarria izan dadin nahiko nuke.
Konponbidea ez da oztopatzea edo debekatzea, familian gai desberdinen inguruan mintzatzea baizik; Bizia, Heriotza, Afektibitatea eta Sexua, guzti hauek egunerokotasunean azaltzen diren gaiak baitira; arnastea, jatea eta lo egitea bezela. Seme-alabak jakinean egon daitezen hemen gaituztela, gurekin konta dezaketela ” lagun baten lehengusuak bideo batzuk erakutsi dizkigu…ez dakit nola esan…jendea gauzak egiten; eta denon aurpegiagatik barre egin du! Amorrarazi egin nau eta gaizki sentitu naiz, baina bestalde, ezin nion begiratzeari utzi, ez dakit zergatik…” gertatzen denean (eta bihotzak buelta eman gaitzala kontatzen digutenean; nahiago genuke hala izango balitz!). Sarrera erraztea gogoko ez badugu ere, errealitatea hor dago, begien aurrean daukate; mugikorra uzten diegun oro, lanean gaudenean entretenitu daitezen Ipad-a uzten diegunean…noiz galde egingo diguten itxaroten ez gara egongo, ez baitute halakorik egingo. Publizitateak eta filmeek ematen dizkiguten momentuak aprobetxa ditzakegu hauekin hitzegiteko, beharrezkoak dituzten azalpenak errazteko eta, ez, larunbatean pote batzuk hartzen ditugun bitartean, ezkutuan lagun baten mugikorreko bideoan ikusten dituelako.