“Nire amak uste du ume bat baino ez naizela oraindik, eta gauza horretaz ez dudala pentsatzen”
Hauxe bera esan zigun lehengunean mutiko batek telefonoz. Baina, zeri buruz zebilen gazte hau? Ba, sexualitate inguruko lehendabiziko nahastura eta buruhaustez, noski!!.
Antza zalantzaz beterik zebilela eta aldi berean, baita beldurti ere , eztanda egin omen zuen eta gurasoengana hurbildu azkenik, barrua hustu beharrean.
Aitortu behar zituen kontuak ez ziren ez, nolabait esateko, betikoak. Aldiz, nerabe honi narabaritzen zitzaion edadeak eragindako gorabera propioak. Baina, bazegoen kontu aparteko bat; hots: bere homosexualitatea.
Mutilak ditu gustuko…Beno, bere estutasuna lasaitzea iruditu zitzaigun lehendabiziko zeregina, kulpabilitatez beterik baitzegoen gaztetxo hau. Kontuak kontu, gurasoen erantzuna ez zen izan hoberena; ezta gutxiagorik ere.
14 urte ditu mutil koskor honek, eta honelako ezohiko kontu bat zaila izan beharko da manejatzen, bai berarentzako eta baita gurasoentzako ere.
Zoritxarrez erantzun erabat mingarriak eman zizkioten; besteak beste, hemengo hauek: “ken ezazu hori burutik”, “ez esan tontakeriarik”, “zu normala zara”, “ez gaitzazu desengainatu”, edo hain eskuragarria den “zu oraindik ume bat zara eta…”
Lekuz kanpo geratu zen gaztea, ondoren. Ordurarte sutabe gogorrak izan diren amak eta aitak ezin jarraitu paper hori betetzen semearen aldera. Agian informazio falta, edo hain errotuta dugun sasiheziketa eredu batzuek, ez diote uzten aita-ama horiei beste ikusmira batetik baloratzen semeak mahai gainean jartzen ari diena.
Zeuk Esan zerbitzuan tentuz egongo gara mutil honen laguntzarako. Badakigu sostengua behar duela. Badakigu baita mintzatu mintzatuz, eta denboraren laguntzaz, mamuak baretzen joango zaizkiola ere, eta aldi berean gurasoek barneratu beharko dutela semearen kondizioa.Denbora beharko dute batak eta besteek.
Agian guraso hauek izango balute nolabaiteko laguntzaren bat, arinago konturatuko lirateke zenbateraino dagoen sufritzen mutila beraien jarreragatik. Baina ez dute, eta akaso esanen esanez guregana hulbitzea lor dezakegu, semearen bitartez egin diegu eskaintza hori behin baino sarriagotan eta.
Empatizatzea beti da bide argia, sakona, eta emaitza onen sortzaile. Hor dago koska nagusietariko bat: besteen sentipenetara hurbiltzeko beharrizana dugu.