Agian irakurrita izan dezakezue. Bai, bai; Emilio Calatayud epailearen dekalogoa batek baino gehiagok ezagutzen duzue. Ez ala?, nola?, ez duzuela ezagutzen?, ez dakizuela nor den gizon hori, ez eta hark idatzi zuen Gaizkilea Hezitzeko Dekalogoa? Konpon dezagun aldrebezkeri hori!!!
Jakin ezazu nor den Emilio Calatayud Wikipediako lotura honetan. Gainera, nahi izanez gero hark idatzitakoak irakurtzeko sar zaitezke bere blogean non Carlos Moran kazetariarekin idazten duen.
Laster konturatuko zara bere epai eredugarriengatik datorkiola ospea epaile honi. Horixe; bere epaiak beti daukate norabide pedagogiko garbi bat, funtsean. Gizon argia berbetan, konprometitua bere epai lanean. Oraingoan ironia puntu batekin datorkigu, azalduz nola hezi behar den gazte bat epaitegien bidean ipini nahi baldin badugu. Eta horretarako hamar urrats (ez) ematea proposatzen digu.
Honako hauek, hain zuzen ere.
- Emaioazu hasieratik den dena zure seme/alabari. Horrela argi utziko diozu dena dela berarena.
- Ez zaitez arduratu bere heziketa etiko eta espiritualaz. Itxaron ezazu bere hamazortzi urterarte bere erabakiak aske har ditzan.
- Gordinkerietan ari denean, egiozu barre. Horrek lagunduko dio gauza barregarriagoak egiten.
- Ez egin errietarik, ez eta gaizki egiten duenean zuzendu. Agian errutasun konplexua sorraraz diezaiokezu.
- Batu berak botatzen duena; hau da: liburuak, oinetakoak, jantziak, jostailuak. Horrela ikasiko du erantzunkizuna besteen bizkarrera pasatzen.
- Utz iezaiozu nahi duena irakurtzen. Esterilizatu bere plater, mahai-tresna edo ontziak, baina ez zaitez kezkatu bere buruan sartzen den zaborrarekin.
- Haserretu noznahi zure bikotekidearekin umearen aurrean, agian horrela ez dio axola izango, bere erruz, halako batean familia pikutara badoa.
- Emaiozu nahi duen diru guztia. Ez dezala ikasi dirua lortzeko lana egin behar denik.
- Asetu bere desio, gogo, plazer edo erosotasun guztiak. Sakrifizioak eta hersturak frustrazioak sor diezazkio.
- Jarri zaitez bere alde irakasleekin edo auzokideekin izan ditzakeen iskanbiletan. Pentsa ezazu guzti horiek zure seme/alabaren kontra daudela.