Gurasoen aurkako indarkeria

 

Gure blogga jarraitzen duzuenoi agura luzatu ondoren, gaur Agintzari GEKooperatibak  Roberto Pereira Terceroarekin egindako elkarrizketa partekatu nahi dizuegu. Pereira Tercero jauna psikiatra da eta “Euskadi eta Nafarroako Familia Terapia Elkargoa-ko” eta“Euskarri-ko” (Gurasoen  kontrako indarkeria Formakuntza eta Esku-hartzerako Zentroa) presidentea da.

Familia Politika eta Aniztasuneko Zuzendaritzak daukan Gurasotasuna web orrian topa dezakezue elkarrizketa osoa. Beste gauza batzuen artean gurasotasunari buruz hitz egiten du, hazkuntza eta heziketan sakonduz.

Web orriak dauzkan elkarrizketak, ikerketak, artikuluak eta han  aurkezten diren jardunaldiak ere interesanteak dira. “Gurasoen aurkako indarkeria” irakurtzen jarraitu

Gurasoen aurkako indarkeria hazi egin da

Gurasoak jazartzeagetik kondenatu dituzten adingabe euskaldunen kopurua %30 hazi da. Titular deigarri honek azkeneko urteotan ematen ari den egoera adierazten du. Arazo hau, noski, ez da erkidegoan soilik gertatzen, eta konpontzeko moduak bilatzen ari diren arren, momentuz badirudi ahalegin horiek ez direla nahikoak izaten ari.

Aipaturiko titularra aztertzean, burura datorren lehenbiziko ideia zergatietan pentsatzea da. Neska-mutilekiko harremanetan dagoen autoritate ezaz ari naiz, familietan arauak eta mugak ezarri beharko liratekeen momentuan dagoen malgutasunaz. Agian, leuntasun horren oinarria gaurko gurasoek bere garaian jaso zuten heziketa zorrotz eta autoritarioan datza: gurasoek, eredu horretatik ihes egin nahian, aipatu mugak bigundu dituzte. Horretaz gain, indarkeriari garrantzia kentzea, hainbat elementuren influentzia txarra, telebista kasu, gurasoek seme-alabekin egoteko daukaten denbora apurra, zigorrek umeengan traumak sortu ditzaketelaren ustea, adin txikikoen eskubideen gorespena, euren eginbeharrak gaitzesten diren bitartean eta abarreko arrazoiak daude. Zergati hauetaz asko eta asko idatzi da; beraz, ez dago euretan sakontzeko beharrik.

Interesgarria iruditzen zait, ordea, gurasoek seme-alaben indarkeria jasotzen dutenean daukaten erreakzioaz idaztea. Berriro adierazi nahi nuke egoera horretara eraman dezaketen arrazoiak askotarikoak direla, baina nire uste apalean, arazoa kasu gehienetan gurasoen heziketzeko modu ezegonkorrean datza. Edozein kasutan, jazarpena jasotzen duten gurasoen egoera izugarri gogorra izan behar da.

Zeure semea zure kontra hain modu erasokorrean jartzea ezintasun izugarria sortu behar du. Guraso eta seme-alaben figuren artean desoreka egotea naturaren aurka doa. Gainera, bortxakeriaren muga gainditzen denean, gurasoek sekulako frustrazioa sentitzen dute ez direlako ausartzen erasotzaileari aurre egitera. Hortaz, egoera jasangaitza denean poliziara deitzen dute salatzeko, eta horrek are frustrazio handiagoa dakar, une horretan gurasoek mantendu zezaketen autoritate apurra hertsa-botere baten eskuetan uzten dutelako.

Baina batzuetan ez dago besterik eta, indarkeria tartean dagoenean gertatu ohi den bezala, hori izaten da irteera bakarra. Hortxe dago salaketen igoeraren zergatia. Izan ere, datu horretatik konklusio positiboa atera liteke: seme-alaben bortizkeria jasotzen duten gurasoak orain arte eduki duten beldurra eta lotsa galtzen ari dira eta salatzen hasi dira.

Gurasoekiko indarkerian espezializatutako zentruak ugaritzen ari dira azkenaldian. Bertan, heziketa lan terapeutiko baten bidez familiaren egoera zuzentzen saiatzen da, sarritan emaitza bikainak lortuz. Baliabide hauei buruzko informazioa nahi baduzu edo ezaugarri hauek dauzkan egoera bat ezagutu edo pairatzen baduzu, 116.111 Zeuk Esan telefonora deitu dezakezu, bertan mota honetako kasuekin lan egiten bait dugu.