“Ez dut nahi nire seme-alabek sufritzerik” Esaldi hau entzun ohi dugu Zeuk Esan zerbitzuan sartzen zaizkigun deien artean.
Esaerak esaera, “nerabezaroa denborarekin sendatzen den gaixotasuna” dirudite askok, nahiz eta gaixotasunetik gutxi izan. Adin xelebre horietan, gorputz eta burmuin eraldaketa hura beharrezko aldaketa baita, gerora begira bizitzari begietara begiratzen ikasteko.
Nortasun berri horren lehen zirriborroa diren gaztetxo hauek, etxe barrukoa itogarria, gogaigarria egiten zaie sarritan, eta trantze horren eskutik etxeko atetik kanpo begiratzen hastea erakargarria egiten zaie; bertan, kalean irtenbideak aurkitu nahian, kanpokoa beti omen da barrukoa baino hobeago. Orduan, nola elkarrizketaz mintza iheska doan errebelde hezigaitz bati?
Adituek, behin eta berriro ilustratzen digute komunikazio aberats eta egokiaren onurez, baina a zelako zailtasunak dituen hain erraz gomendatzen den trikimailu hutsezin horrek. Hori bai, etxeko giroak badu zerikusirik eta baita gurasoen aldarteak ere. Lasaitasun puntu bat behar izan ohi da.
Nola sortu berbarako abagunea? Sarritan, pazientzia agortze bidean sumatzen garenean, bete hauspoek eta har dezagun arnasa, ez baita di-da batean konpondu beharreko buruhaustea, gaztearekin duguna . Bere hitz urriak edo nagiak badira zerbait, bizi-hizkuntza eraldatzen dagoenentzako, umetakoak agortuak baitaude eta ez dira bide orain pairatzen, eta aldi berean, gozatzen dituen bizipenak ulertu eta ulertzera emateko.
Sufrimenduaren esperientzia ez da xamurra inorentzat, nahiz eta saihestezina dugun. Ikasi beharra dute bizitzaren gorabeherak kudeatzen eta, jakin ez arren, gure ispiluan begiratzera ohituak daude. Gure esanetatik eta, are gehiago, eginetatik ateratzen dituzte bizitzarako tresnak.
Gu gara maisu-maistrak, haientzat. Baina noren ikasle gara gu, orduan? Gu ere ikasi beharrean, beti. Gure ez-jakintasuna izan daiteke, beraientzat, ikasgairik onenetakoa.