Agurrak gure blogera eta blogeroei!!
Zeuk Esanen dei anitzak jaso ohi ditugu, bateko eta besteko galderak mahaigainean jarriz.
Adi entzun, esaten digutena ulertzen saiatu eta nolabaiteko sostengua, irtenbidea edota hausnartzerako unea eman, hartzeko erabakiak garbiago izan daitezen. Gure lana informazioa eta aholkularitza ematea izan arren ez dugu makila magikorik.
Taldea osatzen dugunok, aspaldiko zortzi urte hauetan, denetarik entzun dugu; batzuetan zalantzak, doluak, aurreikuspen latzak, pozak edota baita esker oneko hitzak ere, besteetan. Prestatuta egon behar gara, profesionalak baigara.
Aldiz, oraingoan nik nahi dut hartu hitza. Eta blog hau hartuko dut tresna gisa zuengana iristeko. Eta galdetzera noa orain eta hemen: Hasieran, hainbeste maitatu izan ziren gizaki bi nolatan pasatu daitezke , atzean utziz bizipen haiek eta, elkar gorrotatzera, biziki batzuetan, gainera?. Barru barruko gorrotoa azaleratuz, aldameneko haur edota neska-mutil koskor hoien bihotzean uxatu gaitza izango den izua, tristura edota nahastura sortuz? Umeak maltzurki erabiliz, bikotekide ohia mintzeko?
Ez naiz ari mutur muturreko kasuez . Arruntatzat jotzen ditugun hoietaz ari naiz, bizitza normala daramaten eta seme-alabak maitatzen dituzten gizon emakume hoietaz, hain zuzen ere. Gehienok sar gaitezke multzo horren barruan; ez ala? Banaketa mingarri baten ostean, umeen zaintzaz borrokatzen hasi gaitezke sutsu, haurren hobebeharra ez beti baina askotan bai, ikusi ezin dugularik gure baitan banaketak ireki duen zauriaren minak jasan ezina bihurtzen ari zaigulako, irainduta eta porrot eginda sentitzen baigara.
Zenbat min nabaritzen zaien gure telefono deilari adin gabeko batzuei. Ez badakite bere izena “J”-taz edo “Y”-z idazten den, amak era batetara eta aitak bestera idazten baidiote. Gurasoek elkarri irainka ikusten dituzten haurrak dira hauek, mingarriak egiten zaizkien irainak, eta postariaren lanak egiera derrigortuta aurkitzen direnak sarritan: “Esaioazu amari/aitari…, azkena izan dadila edo…”
Besteetan gurasoek beraiek dira zalantzen digutenak bikote ohiaren portaera eta mintzaera, seme-alabekin dutena gehienetan. Hauek pairatu beharrean izaten dira aita edo amaren berba izorrak, eta gorrotoz beteriko mespretxuak.
Izana dugu hezibidea; esana baino sakonagoa. Umetan ikusitakoa ikasi egiten da, eta txarra bada bide txarretik eraman gaitzake. “Zer ikusi hura ikasi”, esaten du esaerak.
Nagusitan errepika ditzakegu umetan barneratutakoak. Galdetzera noa: Hain gogorra egiten da banaketak dakartzan mina? Derrigorra da banatu ez ezik, apurtzea, puskatzea eta bide batez seme-alaben bizitza lorrintzea?