Geure onetik ez ateratzeko hainbat aholku

frases_de_madre

Iraila. Guraso asko lanera itzultzen dira udako oporrak igaro eta gero. Beraien seme-alabek oraindik ez dute eskolarik. Hilabete estreinatu berriaren lehen lanegunetako batean aita edo ama etxera itzultzean haserre bizian jartzeko giro ezin egokiagoa sortzen da, lanean egun txarra igaro dutelako eta, gainera, gaztetxoak, etxean ezer ez egiteaz gain, dena hankaz gora jarri duelako. Zer gertatzen da? Bada, gurasoa bere onetik ateratzen dela, lau garrasi bota eta, gainera, azkenean damutu ere egin daitekeela. Eta hortik aparte, horrek zerbaiterako balio izan du? Esan nahi duguna da, etsipena kanporatzeaz gainera, semeak edo alabak zerbait ikasi du?

Esan dugun bezala, aurreko paragrafoan gertatzen den egoeraren antzeko bat gertatzeko datak iritsi direla eta, hainbat jarraibide utziko ditugu hemen, beharbada ongi etor daitezkeenak hain zuzen ere hori ez gertatzeko, hau da, geure onetik atera ez eta lasai mantentzeko:

– Oso haserre gaudela onartu eta ez erreakzionatzea erabakitzea, hau da, nagusitzen zaigun amorruari biderik ez ematea.
– Lasaitasuna berreskuratzea; horretarako, baliagarria gerta dakiguke gelatik irtetea, begiak itxi eta itxarotea edo beste norabait begiratzea, 10 arte zenbatzea, etab., lasaitasuna berreskuratzeko behar dugun espazioa eta denbora izan dezagun.
– Lasaitu garenean gertaerak deskribatuko dituzten esaldiak erabiltzea, deskalifikazioak eta akusazioak alde batera utzita.
– Umore ona erabiltzea oso tresna indartsua da giroa leuntzeko, gertaerak desdramatizatzeko eta lasaitasunera itzultzeko.
– Gertatu dena orainaldian kokatzea, honelako etiketarik gehitu gabe: “desastre hutsa zara”, “alfer halakoa”, “beti…”, “horrela ez zara inora iritsiko”, inoiz ez duzu egiten…”, etab.
– Ohar edo gutun labur bat idaztea, gertatu dena, nola sentitu garen, eta arazoa konpontzeko guk egin behar genukeena edo hark egitea nahi genukeena deskribatzeko.
– Geure onetik atera bagara, barkamena eskatzea edo gertatutakoa sentitzen dugula erakustea.

Horiek praktikan jartzeko hainbat aholku baino ez dira, eta seguru zuek beste hainbat dituzuela horrelako egoeretan erabiltzeko… Kontatuko al dizkiguzue?