Gaur, arreta eskatzen duen ariketa bat proposatzen dut.
Egunerokotasunean erabiltzen dugun hizkuntzak pertsona gisa definitzen gaitu, gure jarrerak adierazten ditu eta bizitzak jartzen dizkigun oztopoei nola aurre egin adierazten du. Erabiltzen dugun hizkuntza, gure ikuspuntu eta nortasunaren isla da.
Lagun batek ondoko hau esan zidan aurrekoan: “Pentsamendu ezkorrak saihesten ahalegintzen ari naiz”. Zenbaitei, beharbada, iruzkin honek ez die ezer esaten; beste batzuei ordea, harridura sortu eta ondokoa erantzun dezakete: “Hasi orain eta esan ezazu pentsamendu baikorrak izaten ahalegintzen zarela!!”
Edo azken hau hobetuz: “Modu baikor batetan pentsatuko dut”.
Beraz, hau da proposatzen dudan ariketa: hizkuntza baikorraren garrantziaz jabe gaitezen inguruan egiten ditugun komentarioak antzemanaz, ala nola: “Zer, gaur ere ez zara orduan helduko, ez da ala? eta baikor bilakatu “Gaur, sasoiz etorri zaitezen gura dut”.
Behar bada, eta bakarrik behar bada, gure hizkuntza baikor, aberats eta ikusgarriagoa bihurtzen baldin bada, gure biziak horretariko zerbait bereganatu dezake eta hala, eraldaketaren bideari askatasuna eman.
`Zer moduz?´ galderari, ´…tira…´, ´ez naiz kexatzen´ edo ´betiko martxan´ erantzuna ematen imaginatu al ditzazkegu Jesus, Gandhi edo Luther King?
Hasi dezagun ariketa hau egunerokotasunean erabiltzen, gure familiekin adibidez eta ziur, jarreren aldaketez jabetuko garela. Alde oso positiboa dauka honek, ez baitago ongi egiteko modu bakarra, asko baizik; eta, hizkuntzak gure eta ingurukoen bizitzan daukan garrantziaz jabetzea zein garrantzitsua den ikusi behar dugu. Hitz soil batek laztan baten zirrara izan dezake, edota orbain baten esanahia.