Nola azaldu ume bati lagun maite baten heriotza? Ulertuko ahal du zer den heriotza bera? Kontatzea edo ez kontatzea hobe? Zer egin galdetzen badigu? Berdina al da bost edo hamar urte dituen umeen bizipena heriotzaren aurrean?Egon al daiteke ume bat doluminpean? Nola lagun diezaioket?Laguntza berezia beharko al du? Kalte egingo ote dio gu goibel ikusteak?Ezkutatu egin behar zaio gertatutakoaren egia?Zer egin dezakete profesionalek ume bat dolua pasaten ari denean?
Galderak eta erantzunak, zein baino zein zailagoak; ez ala?Egia da bai, nagusiok goian aipatutako galderei aurre egin beharko diegula, gure umeek arinago edo nekesago galera sakonak izango baitituzte beraien bizitzetan.
Loreto Cid psikologoak “Esaidazu zer gertatu den” gida bat plazaratu berri du, non argibide batzuek azaltzen dituen, umeei laguntza egokiago bat emateko gurasook zein profesionalak, doluen harira.
Argitalpen hura “on-line” formatoan duzue. Dena dela, aholku batzuk utziko dizuegu galdera horien inguruan izan dezazuen laguntza bat.
1. Egia esatea bidezkoa da, baina kontuz gordinegi jokatzearekin, egia bera egokituta egon behar baita umearen garapen edo edadera.
2. Heriotza, heriotza da. Ez ezazu erabili metafora nahasgarririk gertatutakoa leuntze aldera. Adibidez, esaten badiozu ume bati aitona lotan gelditu dela eta ez dela sekula izartutko, sor diezaiokezu ohean sartzeko beldurra. Edo azaltzen badiozu ahizpatxoa zerura joan dela ona izan delako, ondoren ez du jakingo komeni izango zaion ondo portatzea edo ez, ondorioak ondorioz.
3. Umeek beraien burutazioetan inoiz pentsa dezakete heriotzaren erantzuleak direla. Horrela denean ezkutuan gordetzen dute balizko erru hori. Horregatik adi egon behar gara.
4. Azalpenak geldiro eman behar zaizkie eta beti galdera, zalantza eta beraien beharrizanen erritmoan.
5. Nahi baldin badute, utzi egin behar zaie heriotzaren inguruan antolatzen diren errituetan parte hartzen. Sei urtetik aurrera, ahal dute egon gaubeletan edo hileta elizkizunetan.
Eta ez ahaztu, umeek badutela goibel egoteko eskubiderik, nahiz eta guretzako gogorra izan.