#egONLINE

Gaur egun Internet gurean erabat integratuta dagoela esatea Pernandoren egia da, ez da hala? Sarea, edukietarako sarbidea, ezagutzaren zabalkundea, online harremanak eta w hirukoitzaren unibertsoak eskaintzen dizkigun hainbat eta hainbat zerbitzu gure eguneroko bizitzaren parte dira, maila guztietan.

 

Izan ere, integrazio hori maila guztietan gertatzen da (lanean, aisialdian, ingurune akademikoan…), adin guztietan, eta gero eta euskarri gehiagotan (ordenagailua, telefonoa, telebista…).

 

Internetek gure bizitzetan duen presentziak eta erabiltzeko moduak hainbat ahalmen ematen dizkigu, baina arriskuak ere baditu, eta, horrenbestez, aurreiritziak, arbuioak eta mendekotasuna ere eragiten ditu, kode propioak dituzten harreman modu berriak ere eragiten ditu, etab.

 

Horregatik guztiagatik, Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailean –ZEUK ESAN arloa bertako kidea da–, online eremu zabalaren eta pertsona adingabeen arteko harremana sakonago lantzeko beharra planteatu da eta, ondorioz, #egONLINE programa abiarazi da.

 

Programa joan den azaroaren 20az geroztik dago martxan (Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginda), egun horretan bertan aurkeztu zen, eta gure Twitter kontutik bertan jazo ziren gauza ugari transmititzen aritu ginen, #egONLINE hashtagarekin.

 

Eguneko ekitalditik haratago, ordea, programak martxan jarraitzen du Euskadiko bost institututan, 2014ko apirilaren 15era arte, bertako DBHko 1., 2. eta 3. mailetako neska-mutilekin eta irakasleekin lanean, nerabeak sentsibilizatzeko helburuarekin, Internetek dituen arriskuez, ez bada segurtasunez jokatzen, baina baita Sareak dituen Potentzialtasunez ere.

 

Datozen hilabeteetan institutuetan zein beste langune batzuetan garatzen den lanaren berri zehatza zuei ematen joango gara, gure blog eta sare sozialen bitartez… Alegia, Zeuk Esan atalean ere #egONLINEn egongo gara