ESPERIENTZIAK OPARITU

juventud-comprometidaGaur, autobusean bi gazteren arteko elkarrizketa aditu dut. Gabonak eta kontsumismoaren inguruan ari ziren hizketan. Opariak nahi zituzten, baina orekatuak. Gabon jaiak gustuko zituztela, zerbait berezia bailitzan bizi izan baitituzte txikitatik; bestalde, hutsalkeria eta nahitaezko zein hala delako-aren kostu horien konplize izatea ez zuten gustuko.

Detaile hori konpontzeko ahaleginetan zenbiltzan, hainbat ideiez baliatuz. Mundua konpontzen, esaten den bezala.

Belarria tinko jarri dudala aitortu beharra daukat. Desitxuratze profesional hutsa. Entzun. Hemen, lanean, arazoak, iritziak, hausnarketak…entzuten ditugulako egunero.

Egunero entzuten ditugu hedabideetan, gaztaroaren inguruan pil-pilean dauden arazoak, balioen falta, parte-hartze urria etab. Eta kalera irtetean, prentsak dioenarekin bat ez datorren errealitatearekin egiten dut topo: gazteak, gizarte honen hutsalkeriaz kezkaturik; gazteak=arazoak horma-irudia bermatzen duen gizarte berarengatik kezkaturik. Eta ez da hala.

Eguna poztu didate gazte hauek, hainbatetan leporatzen dizkiegun topikoetatik at azaltzea erabaki dutelako. Hausnartzera gonbidatu naute beraien hausnarketek. Gazte hauek izango dira hain beharrezkoa den paradigma aldatzea lortuko dutenak, Mundu mailako gizarte eraldaketa bermatuko dutenak. Pena bat litzateke, ordea, jomuga hau lortzera bidean guk utzi diegun mundu lohi, hauskor eta hutsarekin topo egin behar izatea.

Ez dut nahi hain ezkor jarri. Azken finean, gazte hauek Esperientziak Oparitzeaz mintzo ziren, norbaiten ondoan bizi izandako momentu horien garrantziaz, alegia; publizitatearen gaur egungo  bonbardaketari so egin gabe, etengabeko objektu, jabetzak izatea soilik goraipatzen gabe.

Esperientziak familian, lagun artean; esperientziak, onak zein kaxkarragoak izan, norberaren eraikuntzan parte hartzen laguntzen dutelako. Bizitzako zenbait momentutan, oroitzapenen biltegira hurbildu eta solasaldiak, maiteekin bizitako momentu berezi horiek berreskuratzeak daukan garrantzia azpimarratu beharra daukagu. Gazteek zioten, momentu horiek beste ezer baino garrantzitsuago zirela eta zahartzarora heltzean, beraien ondorengoei momentu bereziak azaltzea gustatuko litzaiekeela; batez ere, oroitu ditzaketen horiek, berriki gertatutakoez gogora ezinik zaudenean, altxor bat delako oparitutako esperientziak oroitzea.

Txepeltxo bilakatzen ari naizela aitortu beharra daukat, baina autobusetik hunkiturik jaitsi nintzen, hunkiturik eta itxaropena dagoenaren konbentzimenduarekin.