Orain dela gutxi liburu bat irakurri dut, seme batek aitaren figura maitekiro eta pazienteki nola islatzen duen kontatzen duena. Lana bien bizitzaren zertzeladaz beteta dago. Eta bat aukeratu dut, oso ondo jasotzen duelako hezitzaile on baten egikera zuzena, gure seme-alaben sexualitateari aurre egiteko dugun moduari buruz. Honela dio:
”…Aitarekin gai horiei guztiei buruz hitz egin nezakeen, eta zuzenean galdetu, beti entzuten zidalako eskandalurik sortu gabe, lasai, eta maitagarri eta erakusteko tonuan erantzuten zidalako, inoiz ez zentsuratzeko.
Nerabezaroaren erdian, (…), arrarotzat jo nuen zerbait gertatu zitzaidan, urtetan oinazea ekarri zidan zerbait. Ikasgelako kideen genitalak ikusteak eta
haien jolasek berotu egiten ninduten, eta ni, horregatik, maritxua nintzela pentsatzera iritsi nintzen itota.
Aitari kontatu nion, beldurrez eta lotsaz beterik, eta berak erantzun zidan, lasai eta irribarretsu, oraindik goiz zela jakiteko, itxaron egin behar nuela munduaren eta gauzen gaineko esperientzia gehiago izateko. Nerabezaroan hormonaz hain beterik gaudela eta dena izan
daitekeela eszitatzeko motibo, (…), baina horrek ez zuela esan nahi ni homosexuala nintzenik. (…) argitu nahi izan zidan, (…) horrek ere berez ez lukeela garrantzi handirik izango, baldin eta nik zoriontsu egingo nindukeena aukeratzen banuen, nire sakoneko joerek adierazten zidatena, gizakiok ez diogulako jaiotzez daukagun izaerari kontra egin behar, edozein izanik ere, eta homosexuala edo heterosexuala izatea eskuina edo ezkerra izatea bezalakoa zela, bakarrik ezkerrak eskuinak baino pixka bat gutxiago zirela, eta neure burua homosexualtzat agertuz gero eduki nezakeen arazo bakarra, eramangarria bazen ere, nolabaiteko bazterketa soziala jasatea izango zela, gurea bezalako hain ingurune makurrean.
Baina, aldi berean, axolagabetasuna eta harrotasuna lotuta, diskrezio eta eskandalu dosiak baliatuz gobernatu zitekeela, eta batez ere, umorez, bizitzan gertatu daitekeen gauzarik txarrena norbera dena ez izatea delako, (…), eta, ohartarazi zidan, edonola ere okerrena, beti, nortasuna gehien suntsitzen zuena, itxurakeria eta disimulua zirela, gaitz simetriko horiek, ez garena adieraztera edo garena ezkutatzera eramaten gaituztenak. Bi horiek zorigaitzerako errezeta seguruak direlako…”.
70eko urteetan horixe erantzun zion Hector Abad aitak Hector Abad semeari eta, orain, 40 urte igaro eta gero, ondo legoke geure buruari galdetzea gure seme-alabei zer erantzuteko gauza izango ginatekeen horrelako zalantzarekin gugana etorriz gero.
Argazkia hartuta: Sanarte