pajarillo de la guarda – ametsetako txoria
Nikon aitarentzako, maiatsunez.
Belaunikatu eta aurpegia finkatu nuen lurrean galdezka, ez dakit zenbat denboran, zergatik negarraren jarioak ez zidan uzten ez ikusten ez eta entzuten. Zergatik, zergatik, zergatik…joan da, galdezka etengabe.
Egunak pasatu ziren eta haietariko egunsenti hartan, ez dakit zazpigarrena edo hamargarrena izan zen, txoritxo bat pausatu zitzaidan sorbalda magalean eta honela esan zidan:
————————————
“Ez dakigun moduan, gauero ilargiak bere aurpegia zergatik aldatzen duen, ez eta zergatik tximistargia izugarrizko abiaduran irteten den ekaitzaren sabeletik leku zehatz batetara, edo lore batzuk negualdi osoa irauten duten, besteek lehengo elurren atarian zimeltzen direlarik, ez dakigu ezta ere maite ditugunak zergatik joaten diren batzuetan, ez dauden besteetan edo gurekin ahaztu egiten diren inoiz.
Ulertu nahi dugu dena, kontrolatu, lotuta eduki hemen, gurekin eta betirako. Eta hau ez denean gertatzen azalpen bila saiatzen gara:
Zerbait egingo nuen gaizki? Maite izan banu, ez zen joango. Hobeki portatuko naiz eta horrela, agian, bueltatuko da…Eta horrela gurpil zoro batetan sartzen gara, pakea aurkitu ezinik.
Ez dugu ulertzen “tiobibo” batetan montatzea bezain aldakorra dela bizitza. Aukeratzen ditugu, zalditxoa, motoa, suhiltzaileen autoa. Inoiz iaz izugarri gustatu zitzaigun autoa aurkitu ezinik ibiltzen gara. Ez dugu ulertzen pintura gastatu egin zitzaiola, atea apurtu eta desmuntatu egin behar izan zutela.
Agian haserre gaitezke Jainkoarekin, munduarekin edo baita Deabruarekin ere. Arima erratuta dugularik bizi edo mendeku egarriz.
Idatzitako hitza ere ez da betirako. Dena aldatzen da. Benetan, gutxi uler dezakegu, baina dena ulertu nahian ematen dugu bizitza. Lotu nahi dugu bizitza, kontrolpean eduki. Atsekabetuta sentitzen gara maite ditugunak irtetzen direnean, eta batzuetan baita suminduta ere haiekin, abandonatuak sentitzen baikara.
Bitartean, bizitzak eskuetatik ihes egiten digu, konpondu eziñak konpondu nahirik.
Zergatik eguzkia janzten da ori? Zergatik gaua beltzez?
Zergatik niri eta ez beste bati?-ezaten digu barrenak-
Baina, akaso ezagutzen al dugu beste horren itzala, dolorea, tristura?
Kontu hauek guztiak, hitzak baino ez dira, eta ezin dute baretu ama edo aita galdu duen ume baten tristura. Ez dago irtenbiderik. Ez dago kontsolamendurik. Ezin asmatu, bada, bakarrik sentitzen den ume horren nahigabea ezabatuko duen ipuinik. Badakigu bada, ipuinak ipuinak direla.
Egiak besterik ezin ditugu esan. Esan, adibidez, inor ez datorrela mundu honetara txiripaz edo erru bategatik. Bizitzara datorrenak baduela bere bidea egiteko, bere eginbeharra. Zeren honera etortzea ez dago gurasoei bakarrik lotua, handiago den gauza bati baizik.
Aldiberean, egia da baita ere gurasoek beti maite dituztela beraien haurrak. Ezineskoa baita bizia eman diozun haurrari, zure odola eta arima zatia daramanari, uko egitea. Bestela gaixo zaude, oinez egin ezin duena edo beso biak faltan dituena baina gaixoago.
Ez du merezi betidanik penatan bizitzea. Samintasunez joan zitzaigunagatik negarka gelditzeak, ez digu ikusten utziko gaur eta hemen duguna.
Zein polita zen pilota berde hura, nolako disdira zuen hondartzan lagunek elkarri pasatzerakoan! Kolpe bat, saltoa, beste kolpe bat, pilota badoa…pilota apurtu da. Negarrez beragatik, ezin izango ditut ikusi beste globoak, palak, larruzko beste pilota hori…
Gorrotoak, haserreak eta samintasunak, arima zimeltzen digu eta ondorioz baita maite dugunaren arima ere. Jakin ezazu zure arima eta joan denarena, denboraren mugetatik kanpo bidaiatzen elkarrekin dakitela.
Horregatik bada, guk gure arima galtzen badugu, aldiberean maite dugunarena ere galduko dugu.
Azkenik, ez dago bizia bizitzea baino erabaki hoberik. Goizero esnatzerakoan zure bihotzaren zatitxo bat izan joan zaizun horrekin. Emaiozu egunonak. Nola egin duzu lo gaur? Iratzar zaitez eta eman ongietorria egun berriari!
Ez dugu sekula galduko joan zaiguna, ahazten duguna baizik, eta hemen bizi zaren artean bera ere zurekin egongo da”
————————————
Bukatu zuenean, txoritxo urdina hegan hasi eta zuhaitz batetara abiatu zuen bidea.Zuhaitz hark udaberriko lehenengo adarrak zerurantz begira ageri zituen.