Aureneko post-ean esan bezala, oldarkortasuna, gizakiaren izate naturalari atxikirik doakio. Eta ez hori soilik; “sufrimendua” hitzetan adieraztearen ezjakintasuna azalerazteko modua dela azpimarratu beharra dago. Harrigarria dirudi sarritan, baina, honek igortzen duen mezu zein jokaera oldarkorraren eskaeran ez da zalantza izpirik ageri; badakigu “esateko” erabiltzen den moduak ez duela bueltan ezer jasotzen, modu oldarkorrak izua eta bazterketa eragiten dituelako, gehienetan, eskaerak bere baitan daukan mezu egiazkoena aita edota amari zuzendurikoa delako. Azken hipotesi hau da post-multzo honetako lehenengoan planteatzen genuena.
Bigarren postean, oldarkortasun kontzeptua beste eremu batzuetara hedatu genuen, hala nola, subjektuak norberari zuzendutako jokaerak azpimarratuz eta, hauen adibideak jarri genituen (errua norberari egotzi, beste batzuen artean); iradokitzera eman genuen, zaintzaren lehendabiziko esperientziak izango zirela inpultso oldarkorra, kanporantza edo barnealdera igortzea bermatuko zituzten faktoreak. Azken hauek mezu indartsuak daramatzate bere baitan. Gomuta ditzagun bada, bere buruaz beste egin nahi duten horien eskutitzak.
Hirugarren post honetan, konplexutasun maila bat gehituko dugu: oldarkortasun-bortizkeria binomioa.
Gogorarazi dezagun oldarkortasunak funtzio bat duela, plazer edo disgustukoa den zerbait erakustea, hain zuzen ere; kexu edo liskar bidez ematen da adierazpen hori, orokorrean behintzat. Kexu horrekin batera, asetua izan ez den beharrizan baten errealitatea eta, ondorioz, garapen psikoebolutiboan gertatu den oztopo adierazgarria aditzera ematen da.
Honen harira, jasoa ez den horren aurrean emandako amore emate eza bezala ulertzen da jokaera oldarkorra eta superbizipeneranzko ahalmen gisa azaltzen da; bidea edozein izanik ere, gabezia horrek sortarazten duen mina baretzea da helburua.
Arazoaren muina ondokoa litzateke: jatorrizko eragileak larriak suertatzea, hazkuntza eta arreta batez ere, eta hauek, haurraren beharrizan orokorrak zapuztea. Testuinguru mota hauek lirateke jokaera erreaktiboen muina (jokaera oldarkorra), bizi izandako arreta gabeziaren parekide. Kasu hauetan, bizirik dirauen subjektu baten aurrean aurki gaitezke, zeinak ondoren izango dituen esperientzia indarberritzaileek etorkizun lauso eta zailtasunez betea baretu lezakete. Badira ordea, beraien bizitza vía crucis zortearen eskuetan uzten dutenak ere, jasoa ez den maitasuna, era guztietako mendekotasun eta arriskudun jokamolde bihurtuaz.
Ikusmolde honen harira, maitasun ezak sortutako minak, oldarkortasuna sor dezake, baita biolentzia ere. Oldarkortasunean komunikazioa bermatzeko desira dago, eta, desegokia izanik ere, mezuak, balorea izaten jarraitzen du. Zuzenketa bilatzen da; haserre, gorroto edota pilaturiko amorruaren sostengu gisa azalduko den norbaiten beharrizana nabaria da. Puntu hortan, impasse horretan gerta daiteke emozio horien birmoldaketa, garapen hau hitz edota testigantza “gertatu zen hori”, bilakatuz.
Alabaina, indarkeriazko jokaeran ez dago mezuaren hartzailerik eta, beste hori (hartzailea) egonik ere, helburua ez da bien arteko topaketa gauzatzerik. Ondasunarekiko, kontaktuarekiko edota harreman baten berreraikitzerako jiterik ez da ageri. Alboratu da beste horrentzako garrantzitsua izatearen ideia, beste horren begiradak babes dezakeen aukera. Beharbada egon zen behinola, baina zaintza ezak sortarazitako min emozionala, aukera hori baztertzeaz arduratu zen. Ondorioz, subjektuak amore eman eta hau, min horren itzulezintasunean ito zen. Min neurtezin horrek, emozioen anestesia eta sekulako jokaera suntsitzailea sor ditzake (edo ez). Egoera horretan, beraz, ez da berreraikitze prozesu baten aukerarik ikusten, ezta salbatua izatearen ametsa errealitate bihurtzearen posibilitaterik ere.