Azkeneko postean azpimarratzen genuen, haur baten eboluzioaren garapena bermatzeko ezinbestekoa dela etxeko egonkortasuna, zehazki, familia-giroarena. Egonkortasuna eta tratu egokiaren arteko harremana agerikoa dela ematen du, baita kontrako poloan azaltzen dena ere; hau da, ama-haur zaintzaren etenaldi, gutxitasun edota faltak harreman horren baitan duen garrantzia nabaria dela.
Aitzitik, jakina da zaintza gabezia edo falta horren baitan hazten diren haurrek, tonalitate urria eta jokaera iheskor zein beldurtia adierazten dutela. Ondorioz, eta, aipatutako testuinguruko baldintzak emateko aukerak baldin badaude, jarrera eskatzaile, ausart eta/edo konfrontatiboz hornitutako garapena emango da haur horiengan; guzti hau, ukatu zaien horren exijentzia-erreakzio nabari gisa. Bestalde, egongo dira begirada arrotzaren aurrean ikusezin bihurtzea aukeratuko dutenak ere. Norberarekiko balorea gutxietsi eta errealitate hura gabezian oinarrituko duten haurrak hazi eta garatuko dira, ondorioz.
Lehendabiziko kasuan, jarrera erasokorrak alderdi kanporakoia eskuratu edo bereganatuko du eta hau, harremanetan bistaratuko da erronka, kontrol, erakusketa edo antzeko portaeren bitartez. Bigarren kasuan berriz, oldarkortasuna barneratu egingo da, “irentsi”, gorde, eta haurrak berak, norberari egotziko dio errua.
Kanpo alderantz azaltzen dena, baita barnerantz adierazteko joeraduna ere, oldarkortasun adierazpen gisa ulertzen dira, oldarkortasuna, bizitzan aurrera egitea bermatzen duen modutzat ulertua; oldarkortasuna, bidea eraikitzeko ematen digun indar bezala ulertua, eta, biologikoki, psikologikoki eta sozialki bizirauteko aukera ematen gaituen tresna gisa ulertua.
Bi alderdiek harremanei aurre egiteko aukera bereziak adierazten dituzte, eta hala, praktikan jartzean antzemango dira egokiak diren ala ez; azken baldintza hau ematen baldin bada, jokaera, arazotsutzat jotzeko aukera egon daiteke. Azken adibide honetan, bada, gaizki bideraturiko oldarkortasun bulkada baten inguruan mintzatuko ginateke.
Beraz, zer esan nahi dugu “gaizki bideraturiko jarrera edo bulkadak” aipatzen ditugunean? Datorren postean mintzatuko gara horren inguruan.