Agresibitatea eta gabeziak zaintzan

agresividad y la falta de cuidadosAgresibitatea berezkoa du gizakiak. Emozio bat da, poztasuna edo tristura diren bezala. Bere agerpena, testuinguruan ulertu behar da, horrela bere zergatia ulergarri bihar baitaiteke.

Jaio berritan haurraren joera agresiboa dirudi. Gose bada negarrari emango dio, zikin badago garrasiari edo bakarrik aurkitzerakoan kexu ager dakiguke.

Dena dela, portaera hauek ez ditugu arrarotzat jotzen, ez ditugu arazo baten seinale modura ikusten. Normaltzat onartzen ditugu, haurren izaera horrelakoa baita. Ama edo aita gai dira ulertzeko zer unetan agertzen diren jokaera hauek, zeintzuk izan daitezkeen haren zergatiak, nori dauden zuzenduak eta zein helbururekin. Familia ongi moldatzen ohi da haurraren beharrizanetara, ulertzen duelako nola jokatu, nola lasaitu haurra, etabar.

Honela egokitzen dira familia gehienek, baina batzuek arazoak dituzte haurra lasaitzerakoan. Zergatik ez da isiltzen umea?, pentsatzen dute hauetan.

Utzi dezagun alde batera arazo fisikoak, hauek izan baitaitezke umearen larritasun deidarren iturri, inoiz. Aldiberean, aster dagigun nola, goian aipatutako joera horiek, eralda daitezkeen normalak izatetik arazo seinale izatera.

Aitek eta amek, aurre egin behar izan ohi dute hainbat arazori. Besteak beste, bikoteri dagozkienak, lanekoak edo pertsonalak, eragin handia izan ditzakete familiaren oreka emozionalean. Gainera, haurrek arin antzematen die mota horietako testsioei, eta baita eragina izan ere beraien barne segurtasun sentsazioan. Noiz behinkako kontua bada, gaitzerdi. Baina, etxean ez bada giro eta gurasoak ez badira helbideratzen haurraren arreta eta zaintzara, beharrezko jarrera empatikoa berreskuratuz, honen tentsioa, haserrea edota beldurra areagotu dakioke eta hortik datorkion ezinegona eta hura adierazteko modua errotu, kronifikatu, aldiberean.

Haurraren garapenean zehar ezegoki konpondutako gertakizun hauek, tentsio, beldur eta bakardade sentipen gordin hauek, gerora, isilpean edo eskutuan lokartuak gera daitezke.
Kontuak kontu, arinago edo beranduago, koskortzen ari den haur hark, izango ditu etxetik kanpoko gora-beherak, doluak edota ezbeharrak (eskola hasiera, berdinen arteko rifi-rafeak, arauak, etabar). Horietan, barnean gordeta dituen min eta zauriak, portaera ezegokien iturri bihar daitezke. Askotan modu ezegokian plazara dezake bere jarrera, agresiboki, garai hartako tentsioen usaina gaurkoratzen den einean, garai hartako mekanismoak abian jarriz, gehiegikeriaz jokatuz.

Zer nahi du adierazi ume horrek jokaera horrekin?
Gezurra dirudi arren, umearen portaera agresiboak ez du erantzun agresiborik bilatu nahi. Atentzioa bilatzea da bere nahia. Garai batean moztu, eten egin zitzaion arreta eta zaintza hura lortzea du helburu. Hortik aurrera, eskolan besteak beste, nagusion esku egon daiteke portaera agresibo horiek beste joera egokiago batetan bihurtzeko aukera, umeak jarrai dezan bere garapenean baliabide onuragarriez baliatzen. Umeak ikas dezan nola eskatu, nola komunikatu.

Orduan noiz agertzen da benetako arazoa? Eraldaketa hori gauzatzen ez denean, esango genuke.

Jokabide ezegoki bat ez bada geldiarazten garaiz, eta ez bazaio umeari erakusten beste bide hoberik bere beharrizanak adierazteko, portaera bera finkatu egingo da bere izaeran, ezaugarri bezala.

Etxean sortutako jarrera, etxetik kanpoko bizitzan plazaratuko du. Etxe giroan eta zaintza eskabidean sortu zuen joera horrek, ez dio gauza onik ekarriko. Agresibitateak, agresibitatea ekarriko dio. Horrela areagotu egin diezaioke haur horri egiten duen (portaera)eta behar duenaren (sentipena) arteko tartea. Barnean sentitzen duen hutsune eskutuan geratzen da besteen begietara, zeinek portaera zorrotza besterik ez dute ikusten.

Elur bola handitu egiten da, joera oldarkorrak larritu, eta barnean daraman dolua aditzera emateko aukerak gutxitu, aldiberean. Patologia errotzen joan dakioke nerabezarora murgiltzen den einean, ezaugarri hori koskortuz bere izaeraren parte hartzen doan neurrian.

Amaitzeko, azpimarratu beharrean gaude zer nolako garrantzia duen familia giro orekatu batek haurraren bizipenetan, hori baita botikarik onena gure umeen garapen egoki baterako.

Bestalde, arazoak uler ditzakegu konponbideak aurkitzeko aukerak balira bezala, hori ere badira eta. Eta koka gaitezen haurren portaera agresiboen aurrean, jarrera kreatiboarekin, ikuspegi horrek konponbide hezikorrak garatzen lagunduko baitigu.