Gaur formakuntza saio bat izan dugu eta oroimina sentitu dut. Begirada atzera bota eta gurasoekin bizi izandako momentuak etorri zaizkit burura, ala nola, bideoaren programazio momentua (amak benezolar telenobela ikusi ahal izateko, VHS izenez bataiaturiko tresna zaharkitu hura erabiltzen nuen). Gogoan daukat, gurasoek azaltzen zuten zailtasuna gailu hura erabiltzeko orduan, eta, ondorioz, nigana jo behar izana.
Oroitzapen hauen zergatia nire semearen burugogorkeriaren ondorio izan da, Facebook eta Twitterren kontu bat egin dezadan animatzen bainau setatsu. Ezin ahaztu ezta, Interneten irakur ditzakedan egunkari gogokoenak (RSS irakurgailuaz baliatu beharra daukat horretarako) eta Google-n egin behar dudan kontu berria, Calendar aplikazioaren bitartez hitzorduak, bilerak…egunean eramatea baimenduko didalako.
Gurasoek bideoaren erabilpenaren aurrean zeukaten sentsazio berbera izan dut momentu hortan. Suposatzen dut, denbora pasa ahala eta, nire gogorik barnekoenak ikaskuntza prozesu berri honetan murgiltzen ditudan heinean, nire semeak proposatu dizkidan betebehar asko burutzeko gai izango naizela; badakit ordea, berak gustura egiten dituela kontu guzti hauek, erraztasun osoz maneiatzen baititu bere gaitasunak.
Badirudi, belaunaldi bakoitzak badakartzala berarekin aurreko belaunaldikoek baino gaitasun teknologiko hobeak. Kasu honetan nire semea da sare sozial eta Internetarekin, edota nire gurasoak ziren bideoaren programazioa eta nirekin; edo 6 urte eskas dituen loba, ordenagailuko sagua maneiatzen, zeinak milaka buelta ematen dizkion nire anaiari (bere aitari).
Eskola, kalea eta beste hainbat gizarteratze elementu dira gaitasun horiek bermatzen dituztenak; etxekook, bestalde, eremu guzti honek eskaintzen dizkien jakintzak bereganatzea ahalbidetzen dizkien tresneria errazten diegu. Ezagutza guzti hau modu autonomo eta autodidakta batetan bereganatu dute, zeina, oso positibotzat jotzen dudan.
Hala ere, badira teknologia berrien maneiuaren inguruan ematen diren zenbait arrisku. Gurasook arreta osoa jarri beharra daukagu gure haurrek sarean gauzatzen dituzten mugimenduekin. Horretarako, blog honen irakurle guztiei gomendatzen dizuet ondokoa: Eusko Jaurlaritzak argitaratutako, Tresneria digitalaren erabilera seguru eta arduratsuan hezteko Gurasoentzako Gida ”Teknologia Berriak, hitz egingo dugu familiartean” ; esteka honen bitartez hel zaitezkete informazio gunera.