Zenbaitetan, gogoratzea komenigarria delako….

Zenbaitetan, gogoratzea komenigarria delako….

Guztiz harritzen naute oraindik momentu horiek;  gurasoak hizketan aditzen ditut, hauen haurrak heldutan zer edo nor izango diren erabakia hartuta baitaukate; patua beraien eskuetan balego bezala. Harrotasun, handiuste tonu horrekin, hain indartsua eta errailetan gori dagoen itxaropen hori beteko denaren segurantzan; haurrak, gurasoen kopia direnen ideia grinatsuak irmo darrai gizartean…eta errealitatean, hala izatera jotzen du. Zein desberdintasun handi, baina, haurra helduen “haur-amets”-ei kateatzean edota, hauek aske utzi, beraien amets barrukoenak zeintzuk diren jabetu daitezen. Esperientziaren bitartez sustraitzen diren amets horiek; jostailu jakin baten aukeraketan parte hartu eta in creccendo doazen burutapen horiek; ilargia lehenengoz zapaldu zuen horren, Joko Olinpikoetan parte hartu ez duen eta, hala ere, egunero setatsu entrenatzen duen neska horren, aurreko dendako arrain-saltzailearen, eta, txerto baten garapenerako beharrezkoak diren diru-laguntzak lortzeko lanean dihardun emakumearen mozorroa janzten dituzten momentuko ametsak dira haur hauen desioen gotorleku.

Ezin uler ditzaket guraso horiek, haurrentzako hoberena nahi eta ondoren, aipaturiko kanon berberak betearaztea bultzatzen dituzten horiek. Ulertzen ditut zenbait aukera edo ahalegin; ospe handiko ikasketak eman nahi izana (ahanzturan jauziko diren materiaz gainezkaturik); igandeak, eta baita asteko bestelako egun guztiak zotina kentzeko moduko prezioz baloraturiko erropez jantziak; merkatuko elikagai dotoreen kutsu eta zapore gozoa estaltzen duten jatetxe horietara eramateko gogoa, non, maila handidun jendarteak bertako aroma guztia herdoiltzen duen; eta, zer esanik ez, gizatasuna Gucci, Armani eta Chanel-ez mozorroturiko hitzordu horietara joateko beharra izatea, norbait izatea sentiaraziko balituzte bezala.

Ez da nire asmoa sektore jakin hori soilik ukitzerik. Erdi-mailako auzoetan edota baserrietan bizi diren gurasoak ere, zirkulu honetan murgildurik agertzen dira baita. Arbasoek ondorengoei uzten dieten zama zein handia den, ez da hala? Alaba soroan ez bizitzearren abeslari ospetsu izatea gura duen ama esne-egilea; semea, matematiketan gaitua eta gerora ingeniaria izan dadin ahalegintzen den aita-langilea. Semea abokatu edo mediku izatearen desioa duen ama-saltzailea, eta, alaba artista edo, akaso dentista, izen ona duen zerbait izatea gustuko lukeen aita-artisau hura.

Eta nire galdera, ondoko hau da: Norbaitek galdetu al dio bere seme edo alabari, zein den bere ametsa? Zein unetan elkarbanatu dituzte gurasoek beraien esperientziak haurrekin? Ziur momentu honen apropostasuna ez dela bideragarria. Momentu hauetan haurren lan zama ikaragarria da; eskola, amaiezinak diren etxeko-lanak, gizarteak (gurasoak barne) hauengan jartzen dituen uste eta desioak…horiek denek eta gehiagok, haurrei, ez dagozkien erantzukizunak bete ditzaten exijitzen du sistemak, eta hala ere, guk, helduok, hortan laguntzen dugu. Nolatan galde zeintzuk diren beraien ametsak, amesteko denborarik ez baldin badute?

Behinola erregresio hitza entzun nuen. Errotze-a, baita. Eta ez datoz harira hiztegiko esanahiak. Joan gaitezen urrutiago. Gure haurtzarora, gure ametsen mundura, gure egitasmoetara. Ahanzturan utzitako sentsazio atseginak gogorarazteko askatasuna izatera; desio, eraiki, izan nahi genuen hori aukeratzeko itxaropenaren osagaiak dastatzera buelta gaitezen.

Gogoratu dezagun berriz, behin, gu ere haurrak izan ginela eta norbaitek, edo inork galde egin zigula gure ametsen inguruan. Txikienentzako onena nahi al dugu? Baimendu gaitezen beraz, sentitzen, esperimentatzen gure baitan bizirik darion horren inguruan eta nola ez, txikienei, utz, animatu, lagundu diezaiegun amets egiten.

 

smile