“Ez dut nahi nire seme-alabak sufritzea” , esaldi hau errepikaria dugu Zeuk Esan zerbitzuan sartzen zaizkigun deien artean.
Esaera batek esaten du nerabezaroa denborarekin sendatzen den gaixotasuna omen dela eta egia esan, ez du zerikusirik gaixo egotearekin, bizi aldaketa garratzitsu batekin baizik.
Adingabeak ez dira helduak baino arazotsuago. Arazoak harremanetan sortzen ohi dira, eta haiekin erlazionatzeko modu guztiak ez dute balio. Haien nortasuna garatze aldera, afektiboki gorabeheratsu ager daitezke, ikasi beharrean baitaude nola jokatu munduan, umeak izatetik nagusi izaterako bidea ez baita egun batetik bestera asmatzen.
Komunikazioan adituak direnen esanetan, gurasook gehiago eta lasaiago entzuten ikasi behar ditugu. Ariketa mamitsua litzateke aztertzea zenbat denbora ematen dugun matraka ematen eta zenbak benetan entzuten.
Kritikatzea eta epaitzea, ez dira bideak. Beraiengan interesa jartzea, bai. Beraien onerako egin ohi ditugu gure ahalegin guztiak. Zeresanik ez dago; noski maite ditugula eta beraiengandik dena emateko gai garela. Bai, bai. Konforme. Baina beraien onerako denaren argudio horren itzalean, gure ikarak , egoismoa eta aurreikusiak ere badaude izkutatuta. Eta horretaz ez dugu nahi hitzegin, gure intentzio onak kolokan jarriko lituzkeen beldurrez, akaso.
Sufritu egingo dute nahi eta nahi ez. Ez dago bueltarik. Hau horrela izanik, erakutsi egin behar diegu arazoen aurrean sendo jokatzen, bizitzarako ezinbesteko ikasgaia baita. Konfidantza eta segurtasuna dira osagai idealak, baina horretarako gu geu ere prestatu egin behar gara, ez baita samurra semeari edo alabari konfidantza partekatzea, gu urduri bagaude.