YouTubek du errua

Ikustekoa da gero, nolatan gurasook justifikatzen ditugun gure seme-alaben portaerak, batzuetan errugabetuz eta besteetan norbaiti edo zerbaiti leporatuta kulpa.

Zertara natorren? Lehengo batean ama batek telefonoz kontatu zigunarekin  oroitzen naiz eta…Beno, hemen duzue emakume horren kontaketa

Lau urteko mutiko baten ama honek esan zigun nola aurreko batean, semea hurbildu omen zitzaiela taldean zeuden 9- 10 urteko mutiko batzuei. Plazan zeudelarik denak, amak begi bistan zuen semea, eta antza gustura moldatzen  omen zen nagusiekin, kontu-kontari, amaren esanetan.

Minutu batzuetara, taldean zeuden gaztetxoak hasi omen ziren algara batean, txilkiarengana keinuak eginez. Txikitoa, barrezka baita eta gustura, gainera. Lasterrera, hurbildu zen amaren aldamenera eta honako hau esan zion amari:

-Ama, mutil horiek esan didate erabat barregarria izango dela zerura begiratu eta ikusten dudanean nola zakil bat jartzen zaidan  buru gainean

Irribarretsu txikia, amaren esanetan. Malezigabe, entzundakoa ondo ulertu ez zuela, baina pozik nagusien tartean. Orduan, ama mutiko taldera hurreratu zen, lasai eta umeak esandakoaren harira jolas hura bideratzeko asmoz.

– Mutilak, benetan barregarria egiten zaizue horrelako itsusikeriak esatea lau urteko ume bati?-esan zien emakumeak

Entzun hala, mutikoak elkar kontran hasi omen ziren, batak besteari egotzi nahirik errua. Dena den, emakume honek ez zuen asko gehiagorik espero, eta bertan behera uzteko zela, taldean zegoen mutil kozkor baten ama agertu zen, bat-batean, galdezka zer gertatzen ari zen. Orduan, gure emakume deilariak ontzat eman zuen ama honi azaltzea izandakoaren xehetasunak. Horrela egin zuen, baina bestearen erantzuna ez zitzaion batere egokia iruditu

-Ai, mutiko hauek…nolako gauzak dauzkaten! You Tubek du erru guztia, beti baitaude txantxetako bideoak ikusten, eta azkenean praktikara nahi izaten dute eraman. Gainera, nire semea erabat umezalea da, baina badakizu, bere adinekoekin batzen direnean, gora datoz eta tontakeriak egiten dituzte. Ai, ume hauek!

Hau entzun ostean, galdera batzuk datorskigu gogora. Zer ikasi dute taldean zeuden mutilak, ama huraren azalpenak entzun eta gero? You Tubek duela den-denaren errua. Zer ikasi omen du bere semeak? Berak ez duela inolako zerikusirik, eta horrela portatu izan bada, besteekin batu delako izan dela.

Justifikazio hutsak baino ez dute entzun, eta ez da nabari erantzunkizunaren pitin baten arrastorik inondik. Eta beno, ez gatoz gora-goraka, beste munduko gauza larria ez baita, eta are gutxiago txikia ez zelako ohartu ezertaz. Baina, dena den ama hark, mutil haiei,  agiraka egin behar zietelakoan gaude, esanez hoiek ez direla ume txiki bati esateko hitzak. Barka eskatzeko esan, umeari eta baita amari ere. Baina, ez. Horrelakorik ez zen gertatu. YouTubek du errua.